Jaizubiako padurak inguratzen dituzten oinezkoen bide-sarea hobetzeko lanak hasiko dira

Jaizubiako padurak inguratzen dituzten oinezkoen bide-sarea hobetzeko lanak hasiko dira

26/05/2022

  • Padura zeharkatzen duten eta birsortzea eragozten duten barruko bidezidorrak kenduko dira, eta ibilbidea osatuko da zirkularra izan dadin.
  • Denis Itxaso: “Helburua da ibilaldiez eta inguruneaz gozatu ahal izatea  espezieei enbarazurik egin gabe eta babestu beharreko habitatak errespetatuz.

 

 Gobernu zentralak, Gipuzkoako Itsasertzetako Buruzagitza Probintzialaren bidez, Jaizubiako eremua hobetzeko lanak hasi ditu  padura zeharkatzen duten eta birsortzea eragozten duten barruko bidezidorrak kentzeko. Era berean, lanei esker, ibilbidea modu zirkularrean osatu ahal izango da, mendi-ibiltzaileentzat erakargarriagoa izan dadin.

Denis Itxaso Gobernuaren ordezkariak inguru hau bisitatu du gaur Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearekin eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatearekin batera, obraren nondik norakoak ezagutzeko. Delegatuak adierazi duenez, “Jaizubiako padurak inguratzen dituzten bidezidorren sarea osatzeko aukera emango duten lanak dira. Bide horiek lotu gabe daude elkarren artean eta, gainera, eremu babestuak zeharkatzen dituzte, bere ingurumen-hobetzea eragotziz. Helburua da ibilaldiez eta inguruneaz gozatu ahal izatea, espezieei enbarazurik egin gabe eta babestu beharreko habitatak errespetatuz”.

Gipuzkoako Kostaldeen Zerbitzu Probintzialeko buruak, José Luis Tejerinak, obraren ezaugarri teknikoak azaldu zizkien ordezkariari, sailburuordeari eta alkateari. Lan hauek Kostaldeen Zerbitzuaren kontura daude oso-osorik (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren menpekoa)  eta 595.382 euroko aurrekontua du. Lanak egiteko epea sei hilabetekoa da (helburua da lanak aurtengo azaroaren 30erako amaitzea).

Eusko Jaurlaritza inguruneko lurrak desjabetzeaz arduratu da, eta lan hauetarako guztira 105.600 euro inbertitu ditu. Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuordeak azpimarratu du “ibilbideak antolatzeko jarduketa honekin hezeguneak babesten direla, biodibertsitatea berreskuratzen lagunduz” eta aurreratu du “erakundeen arteko lankidetza horri esker, San Lorentzo aintzira zabaltzeko proiektua egikarituko dela, bai eta Pierre Loti-tik igaroko den oinezkoen eta bizikletentzako ibilbideak gauzatuko dituen proiektuan ere, Hondarribia-Irun-Hendaia lotuz eta mugaz gaindiko konexioa hobetuz”.

Bere aldetik, Hondarribiko alkateak Txingudiko Planaren barruan kokatu zuen hobekuntza-proiektu hau, “Eusko Jaurlaritzak eta Udalak bultzatuta, eta oso emaitza onak ematen ari dena Txingudiko ekosistemen konektibitatea berreskuratzeko eta hobetzeko. Trantsizio Ekologikoko Ministerioari bere inplikazioa eskertu nahi diot, ekologia- eta ingurumen-hobekuntzaz gain, oinezkoentzako ibilbide berri bat sortzea ekarriko duen obra baten aurrean daudelako.”

 

Obra

Obra honetan oinezkoentzako kilometro bat egingo da eta akabera egokia izango du bi eremu oso bereizitan egingo dela eta: Zaldiferra gunea (Jaizubiako itsasadarra zeharkatzen duen oinezkoentzako pasabidea izango duena) eta Bekoerrota gunea (non oinezkoentzako zirkulazioa eta ibilgailuen zirkulazioa bereiziko diren). Hasi den jarduketarekin ibilbide zirkular bat sortuko da, N-638 errepidearekiko paraleloa den bidegorria aprobetxatuz,eremu babestua eremu periferikotik inguratzen duen hori (hau da, eremu babestuaren mugetatik ahalik eta hurbilen). Horrela leku horretaz gozatu eta aisialdia ahalbidetuko da KBEa izendapena erraztu zuten ingurumen-balioak arriskuan jarri gabe.

Bidezidor berria amaitu ondoren, kendu ahal izango da Jaizubiako paduran ingurumen aldetik sentikorrak diren hainbat eremu zeharkatzen dituen eta une honetan birsortzea eragozten duen bidezidorra.

Lanak egiten diren bitartean, eragina batzuk egongo dira gunean, batez ere, Bekoerrotako jatetxera eta zenbait baserritara sartzeko, baina behar diren neurriak hartuko dira afekzioak ahalik eta hobekien konpontzeko inguruko bizilagunekin.

 

Hegaztien babeslekua

Txingudiko estuarioa biodibertsitatea kontserbatzeko eremuen sare ekologiko europarrean (Natura 2000 Sarea) sartutako Gipuzkoako padura-espazioaren adibiderik onentzat jotzen da. Hegazti-espezie askoren migrazio-pasabidean duen egoera pribilegiatuak hezegune berezi hau haientzat babesleku garrantzitsua bihurtzen du. Estuario honetan Jaizubiako itsasadarra dago, Bidasoaren itsasadarrean amaitzen dena, Hondarribian. Ibilbidearen azken zatian, Bidasoaren itsasadarrera iritsi aurretik, padura-eremu handi bat dago (gune babestua), eta haren inguruan oinezkoentzako bidezidor batzuk daude, inguruneaz gozatzeko aukera ematen dutenak. Hor egingo dira hobekuntza-jarduerak.

Natura 2000 Sarea da orain arte Europan biodibertsitatea kontserbatzeko egin den apusturik handiena. Gune babestuen sare ekologiko koherentea da eta Europar Batasuneko lurraldean habitat naturalen eta basa-fauna eta -floraren epe luzeko kontserbazioa eta biziraupena bermatzen laguntzea du helburu, biodibertsitatearen galera geldiarazten eta giza bizitzari eta haren jarduerei eusten lagunduz. Natura 2000 Sarea bi eremu babestu motak osatzen dute: Europar Batasunean balio berezia duten habitat naturalak edo espezieak eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak.